INMERSIONES 2014 ERRESISTENTZIA + TEMATZEA = ERRESISTEMATZIA
1. SARRERA
Botereari eta erresistentziari buruzko ideiak, bereziki erresistentzia sorkuntza eta eraldaketa direla defendatzen dutenak, eredugarri izan dira interbentzio artistiko askorentzat, eta artearen munduaren barruko ekintzaren aldeko printzipioak hezurmamitzen dituzte. Aldiz, erresistitzea ez da ekintza heroiko bat. Hala ikusiko bagenu, seinale ez ginatekeela ondo ulertzen ari praktika artistikoari lotuta ikusten dugun konpromiso edo erantzukizunaren esanahia.
“Baztertuen areto”etatik abangoardia taldeetaraino, status quoari erantzutearen eta aurka egitearen ideiari lotuta egon da artearen praktika. Egun, teoria praktika moduan ulertzea ezin bestekoa da testuinguru garaikide honetan erresistentziaren ideia ulertzeko,
arteen zeharkakotasuna ulertzea beharrezko bihurtzen den bezala. Zeharkakotasuna, izan ere, toki ezin hobea da konkretua denari eragiteko, gure eguneroko testuinguruan ekiteko.
Inmersionesen, gure jarduera erresistentzia-ariketa eta tematze-lana dela ikusten dugu gero eta gehiago. Egiten dugun deialdi bakoitzean, bada berriz elkartzera, puntu komun bat eta “egiteko moduak” aurkitzera garamatzan egoskorkeria eta matraka puntu bat. Hor ikusten dugu guk geure burua talde moduan.
Horregatik beharbada, beti konektatu dugu espiritu hori partekatzen duten erresistentzia kulturaleko formekin, proiektu, ekimen edo lan-ildo bati lotzen zaizkionak, egokiera edo unean uneko zirkunstantzia zein den erreparatu gabe.
“Boterea dagoen tokian erresistentzia dago”. Ez dago erresistentzia “bat”, “erresistentziak” baizik, eta bereziki kitzikagarria da “mikro-erresistentzi”en ideia. Ez dago erresistentzia forma “aratz” bat. “Erresistentziak” gizartetik dabiltzan bizi energia motak dira, armatu eta desarmatzen direnak, beren burua adieraztera heldu edo hutsaltzen direnak. Haien taupadarik gabe, ezinezkoa kontserbazioa eta higiezintasuna bilatzen duten erreakzio indarren mehatxuari aurre egitea.
Bestalde, tematzeak rol garrantzitsua du erresistentzia artikulatzeko orduan, behartzen baitu denboraren eta erritmoaren kudeaketa propio batean pentsatzera. Tematzen gara ere erresistentzia mota bat delako. Erresistentzian tematzea orainaren eta betikotutako iraganeko forma guztien “kontrako” orainaldiko ekintza bat da, etorkizunaren alde.
2. DEIALDIA
Inmersiones 2014 zuzenduta dago Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan bizi, ikasi edo lan egiten duten kultura-, gizarte- eta arte-eragileei (sortzaileak, ikertzaileak, bitartekariak eta ekintzaileak). Parte-hartzaile guztiek ekarri behar dute baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioaren kopia bat (NAN, erroldatze ziurtagiria edo ikasle txartela).
Parte-hartzaile bakoitzak behar bezala beteta gehitu beharko du modalitate bakoitzerako izena emateko fitxa erantsia (nahi beste modalitateetara aurkeztu ahal izango da).
Deialdia egin nahi dugu Inmersionesekin erresiste(ma)tuz parte hartzera, esperientziak, sinergiak eta ikaspenak partekatzera, erresistitu eta tematzeko balio duten estrategiak eta taktikak sortuz, hiru modalitateren bidez: biltzarra, abegitsuak, eta prestakuntza tailerretako parte-hartzea.
3. PARTAIDETZA MOTAK
– Eragileen biltzarra (artistak, taldeak, sortzaileak, ikertzaileak eta bitartekariak).
Talde eragileak “Inmersiones 2014”ren gaiekin erlazioa duen lanean diharduten hamabi eragile hautatuko ditu gehienez. Eragile horiek konpromisoa hartzen dute 2014ko abenduaren 13an horretarako egokitutako espazioan artelanen aurkezpen publiko bat egiteko: ikusizko arteak edozein formatutan, performanceak, ekintzak, ekarpen teorikoak etab. Aurkezpen denbora gehienez 15 minutu izango da. Gainera, hizlari bakoitzak mahai-inguru batean parte hartuko du gero, eta eztabaida-jardunaldi osoan debate-taldean parte hartu beharko du.
Hautatutako eragile bakoitzak 250 euro jasoko ditu bere aurkezpenaren ordainetan.
Inmersiones 2014n parte hartu nahi baduzu, honatx: > Ponentziatarako: bidal egiguzu zure curriculuma azaroaren 16 arte (gehienez 3.000 karaktere hutsuneak barne; Word formatuan), zure motibazioa eta zure proiektu edo artelanak proposatutako gaiarekin daukan erlazioa esplikatzen duen testu bat (3.000 karaktere; Word formatuan), aurkeztu behar duzun ponentziaren laburpen bat (3.000 karaktere hutsuneak barne; Word formatuan) eta zure lanaren bost irudi (JPG, RGB, 72 ppp.) ondorengo helbide elektronikora: asociacioninmersiones@gmail.com. Adieraz egiguzu ere zure ponentziaren aurkezpena egiteko zein ekipamendu behar duzun (antolakuntzaren kontura).
– “Hospitalarios”
Hemen, erakusketaren espazio bat egun osoz lagatzen zaio hautatutako artistari. Espazioan, onartutako proposamena aurkeztuko da, eta hautatutako artistak konpromisoa hartzen du egun osoz bertan egoteko, prozesu osoan, muntaketatik hasi eta erakusketarako bisitariei harrera egiteraino. Talde eragileak 4 Abegitsu hautatuko ditu abenduaren 9tik 12ra egin beharreko 2014ko ediziorako.
Hautatutako lauretako bakoitzak 400 euro jasoko ditu erakusketa ekoizteko eta bere lanerako.
Inmersiones 2014 – Abegitsuak: Bidal egiguzu zure curriculuma azaroaren 16 arte (3.000 karaktere hutsuneak barne; Word formatuan), zure motibazioa eta zure arte proposamenak proposatutako gaiarekin daukan erlazioa esplikatzen duen testu bat (3.000 karaktere; Word formatuan), eta zure lanaren bost irudi (JPG, RGB, 72 ppp.) ondorengo helbide elektronikora: asociacioninmersiones@gmail.com
– Prestakuntza tailerrak (erresiste(ma)tziaren pedagogia)
2014. urte honetan, gure ustez, langile kulturalaren profila indartzeko erremintak ezagutu, ikasi eta partekatzea da erresistentziaren eta iraunkortasunaren indarraren gakoetako bat, tokatu zaigun garai honetan.
Horretarako, INMERSIONES 2014k Euskadiko eta Nafarroako artista hazkorrekin hartzen duen erantzukizunaren zati moduan, abenduaren 11 eta 12an bi tailer egitea proposatzen dugu:
Dosier artistikoak sortzeko tailerra:
Gure ustez, ezin bestekoa da askotariko prozesu burokratikoetan murgiltzeko orduan dugun aurkezpen gutun erabilgarrienetako bat lantzea, artistek, kudeatzaileek eta ikertzaileek horrelakoei aurre egin behar izaten baitiote. Tailer honetan, artelan-dosier edo proiektu-dosier baten antolakuntza kontzeptual eta ikusizkoari buruzko oinarrizko tresna batzuk proposatuko ditugu. VERÓNICA EGUARAS arituko da arduradun lanetan (http://www.veronicaeguaras.com). Askotariko arloetako irakasle eta artista da (performancea, musika, ikus-entzunezkoak), baita hainbat beka eta sariren irabazlea ere, tartean dela 2008ko INJUVE arte plastikoen sari nazionala. Dosier bat sortzeari buruzko zalantzak eta gakoak mahai gaineratuko ditugu, gure bitartekoak ondo-ondo baliatuz instituzio publikoei eta pribatuei aurre egin ahal izateko.
Erresistentziarako marrazketa tailerra:
Marrazketa beti izan da errealitatea argazkilaritzak edo bideo bidezko dokumentazioak baino era adeitsuagoan erregistratu edo interpretatzen duen tresna bat. Balio du edozein egoeratara hurbildu eta errealitatearen eta emozioaren konbinazio bat islatzeko momentuaren erretratu bat egiteko.
Horretarako, ENRIQUE FLORES izango da gurean (http://www.4ojos.com/), El Paíseko ohiko ilustratzailea, hainbat argitalpenen sortzailea eta, oraindik orain, bere arkatzen eta akuarelen bidez M15 ondoren sortutako gizarte mugimenduei egindako ekarpenagatik ezaguna. Bere libretak manifestazioen, borroken eta asanbladen lekuko bihurtu ditu. Enriquek, bere lanaren bidez, diziplina hau lantzeko bere metodoak eta tresnak erakutsiko dizkigu, baita arriskuak eta onurak ere. Kanpora ateraldi bat egin ondoren, ikastaroan erakutsitako gakoak praktikan jarriko ditugu.
Tailerretan parte hartzeko, bidal egiguzu zure curriculuma azaroaren 16 arte (3.000 karaktere hutsuneak barne; Word formatuan), zure motibazioa eta gaiarekin daukazun erlazioa esplikatzen duen testu bat (3.000 karaktere; Word formatuan), eta zure lanaren bost irudi (JPG, RGB, 72 ppp) ondorengo helbide elektronikora: asociacioninmersiones@gmail.com